Eguzki sistemaren osagaiak

Eguzki sistema

Eguzki sistema espazioan ordenaturiko gorputz egitura bat da, Esne Bide izeneko galaxiaren ekuatore planotik hurbil dagoena, haren beso espiraletako batean eta galaxiaren erdigunetik 30.000 argi urtera kokaturik. Eguzki sistema, kanpotik ikusita, oso materia argaleko (hauts eta gasezko) disko baten gisa ageri da, erdiguneko izarraren inguruan biraka ari dena. Diskoak ere badauzka bederatzi esfera (planetak), asteroide eraztun bat noranzko berean erdiguneari buruz biraka, eta kometak.

Osagaiak

Bi familiatan banatzen dira Eguzki sistemako planeta nagusiak:

Barne planetak: Eguzkitik hurbil planeta multzo bat dago, Lurraren antzeko tamaina, dentsitatea eta gainalde gotorra dutenak, eta satelite gutxikoak edo satelite gabeak direnak. Merkurio, Artizarra eta Marte dira, Lurrarekin batera.

Kanpo planetak: Eguzkitik urrunago, tamaina handiagoko eta dentsitate gutxiagoko planetak aurkitzen dira, gainalde gotorrik gabekoak, eta satelite sorta handia dutenak. Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno dira. Bi handienei, Jupiter eta Saturnori, planeta erraldoi deritze. 

XVIII. mendearen hasieran, Titius eta Bode alemaniar astronomoek formula bat aurkitu zuten, garai hartan ezagutzen ziren planeten eta Eguzkiaren arteko distantziak azaltzen dituena. Formula horren arabera, ikus daiteke zenbaki segida bat osatzen dutela, beren artean progresio geometrikoaren hurbileko erlazioa agertzen baitute zenbakiok. Nolanahi ere,  formula edo lege hau aplikatuz gero, planeta bat falta da Marteren eta Jupiterren artean. Gero, Urano aurkitu zenean, egiaztatu zen aurrez ikusitako distantzian zegoela planeta hori; hortaz, legeak onartze erabakigarria izan zuen. 

Ez zegoen, ordea, planetarik Marte eta Jupiterren arteko bitarte horretan; hori zela eta, astronomoak hasiak ziren susmatzen artean ezezaguna zen argizagi bat egon behar zuela espazioaren alderdi hartan. Hipotesi hau berretsi zuten, 1801ean, lehen asteroidea, aurkitu zutenean. Harrezkero beste planeta txiki edo asteroide asko aurkitu ziren, Marte eta Jupiterren artean asteroide eraztuna esaten zaiona osatzen dutenak.

Asteroide bat planeta bat baino txikiagoa den harrizko edo metalezko gorputz bat da, Eguzkiaren inguruan orbitatzen duena. Planetak baino txikiagoak direnez, planetoide ere esaten zaie. Asteroide izena "izar formakoa" esan nahi duen grekrerazko hitz batetik dator, asteroideek Lurretik ikusita izarrak diruditelako. Gaur egun, 15.000 asteroide inguru ezagutzen ditugu, baina seguraski askoz gehiago daude.

Objektu baten inguruan grabitatzen ari den beste objektua da. Sateliteak naturalak eta artifizialak izan daitezke:

Satelite naturala: Normalean, planeta baten inguruan biratzen den astroa da. Adibidez, Ilargia Lurraren satelitea da. Lurra bera ere Eguzkiaren satelite bat da.

Satelite artifiziala: Gizakiak espaziora jaurtitako objektua da, Lurraren orbitan dabilena. Satelite artifizialek gauza asko egiten dituzte: argazkiak atera, telebista-seinaleak transmititu; eta erabilera asko dituzte: komunikazioetarako, ikerketa zientifikoetarako, Lurraren eta klimaren behaketarako, GPSetarako, etab.


Kometak ere Eguzki sistemaren osagai dira. Askotariko usteak eragin zituen haien agertzeak eta desagertzeak, eta orobat haien itxura bitxi eta aldakorrak. XVIII. mendean aurkitzen da kometa jakin batzuk Eguzkiaren inguruan biratzen direla, oso orbita luzeak eginez eta epe jakinetan Lurretik hurbil igaroz. Izotza, legarrak eta hautsa dira argizagi horien osagaiak. 


Kometa berotu egiten da Eguzkira hurbiltzen denean, izotza lurruntzen du, eta gasak eta hautsa jaurtikitzen ditu. Hortaz, burua lauso moduko batez inguratua agertzen da, eta luzatzen hasten da Eguzki haizearen indar urruntzailearen eta haren izpien sakaduraren eraginez, eta hautsezko eta gasezko isats bat osatzen du Eguzkiaren kontrako noranzkoan.



Testua: Lur entziklopedia tematikoatik eratorria.

Entradas populares de este blog

Eguzki sistema eta bere osagaiak